XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ibarra herriaren zeruertza, Anbotoko Haitzak mugaturik aurkitzen da, zeinen alboetan, Urkiola eta Udala menditontorrak jasotzen diren, haren zaindariak bailiran.

Kristau aroko 1122. urte inguruan haraneko biztanleak izugarri kezkatuta zeuden.

Urte bete ez zela, Gasteiz mendibazterraren oinean zegoen Adurtzaba herrian sekretuan bizi zen Samuel izeneko hebraitar misteriotsu bat agertu zen haranean eta inork ezin zuen asmatu bere etorreraren arrazoiaren nondik norakoa.

Txundituta begiratzen zioten herritar guztiek bere bizar zuri eta luzeak ezik gorputz osoa estaltzen zion kapa luzea, birreta eta sandaliak jantzita, Goikoerrotako iturriaren ondoan eseri eta Anboto mendiari begiratuz, larruki zimur batean lerroak marratuz denbora ematen zuenean; goizeko lehen orduetan ikusi ohi zuten Andra Mari eta Ibabetik igaroz haitzerantz bideratzen baina inor ez zen ausartu bere ibilaldien zergatia aztertzen edo galdetzen, egun batean, Abrahamen semea, Anboton, sorgindutako jauregi bat eraikitzen ari zela zabaldu zen arte.

Izan ere horrela zirudien.

Aurrerantzean hebraitarra ez zen gehiago Ibarran agertu; bertakoek, bitartean, apurka-apurka gorantz igotzen ikusi zuten eraikuntza berria haitz zorrotzaren maldetan...